Nire aurkezpena

Kaixo!!

Naiara deitzen naiz eta Musika Hezkuntzako ikaslea naiz. Aukeratu dudan gaia oso interesgarria iruditzen zait gehien bat umeekin landu ahal izateko. Gainera musikako irakasleak izango garenez , musikaren bidez gozatzen eta erlaxatzen irakatsi behar diegu gure ikasleei. Besterik gabe espero dut hemen aurkitzen duzuen informazioa erabilgarria izatea.

Delicious

Delicious/naiaraballesteros

domingo, 21 de febrero de 2010

«Zerbait esateko beharra izan eta hitzik ez denean sortzen da musika terapia»


Patxi del campo - Musika terapeuta



Musika sendagai moduan erabil daiteke nerbio sistemari eragiten dioten gaixotasun askotan; musika terapiaren onurak argitu ditu Patxi del Campo adituak.

anakoz amenabar

Gasteiz

Egunerokoan aski ezaguna da musikaren gaitasuna; hitzekin heltzen ez garen emozioetara heldu eta bestela izango ez genituzkeen sentsazioak sentiarazteko gaitasuna erakutsi du. Zenbait gaixotasun artatzeko terapia modura ere erabil daiteke; musika terapiarekin lanean ari da Patxi del Campo Gasteizko Musika, Artea eta Prozesua institutuan.

Zertarako behar du gizakiak musika?

Bi norabidetan behar duela esango nuke. Batetik, barneratze lana egiteko, nork bere burua ezagutzeko. Eta bestetik, gainontzekoekin harremanetan egoteko. Artearen sentsibilitate guztia izatea gaineratu behar diogu, baita denbora, matematika, neurria eta beste hainbat ezaugarri ere. Burmuinaren pizgarri garrantzitsua da, bi hemisferioei eragiten baitie.
Nola definituko zenuke musika terapia?

Musika eragile terapeutiko moduan erabiltzea da, pertsonaren garapen fisiko eta psikoafektiboaren garapenerako erabiltzea alegia. Gizakiak beti erabili izan du, modu intuitibo batean bada ere. Geure barnean arakatu eta gainontzekoekin komunikazioa garatu ahal izateko erabiltzen dugu. Musika terapiak, azken batean, bide hori sistematizatu egiten du, prozesu terapeutikoaren bitartez. Musika pertsonaren garapenaren zerbitzura jartzen du.

Noiz sortu zen musika terapia?

Gizakiak zerbait esateko beharra izan eta hitzik ez denean sortzen da musika terapia. Askotan, norbaitekin gaudela, hitzez ez dakigu zerbait adierazten, baina abestiren batekin egingo genuke. Jatorria Bigarren Mundu Gerraren ondoren kokatzen da. Gerratik zetozen soldaduekin erabili zuten, hitzik esan ez eta musika erabili zuten momentuak irudikatzeko. Zaurituta zeuden soldaduak artatu zituzten.
Zein gaixotasunekin erabili ohi da?

Alzheimer, iktus, fibromalgia eta beste hainbatekin. Gizakiaren garuna musikala da, hitz egitean ere musika egiten dugulako, doinua jartzen dugu. Ume txikiaren harremanak soinuen araberakoak izango dira. Eta musikala da, badakigulako gaixo asko daudela musikarekin hobeto konektatzen dutenak. Alzeihmerra duten gaixoek, adibidez, ez daukate memoriarik, jarrera pasiboa dute, errealitatetik at daude, baina haien soinu historiaren parte den musikarekin kantatu, mugitu eta dibertitu daiteke. Parkinsona duten gaixoak ere mugimendu kontrolaezina daukate, baina musikarekin dantzan jarri eta garuna behar bezala funtzionatzen hasiko dira. Antsietatea duten gaixoekin ere maiz erabiltzen da.
Zuek minbizia duten haurrekin ere emaitza onak izan dituzue, ezta?

Bai, emaitza oso onak izan ditugu. Kasu honetan haurra ospitalean dago, inguru ezezagun eta arrotz batean, eta ongi sentitu behar du, positiboa izan behar du kimioterapia tratamenduak bestela funtzionatuko ez duelako. Apalduta badago, defentsak ere baxu izango ditu. Umea musikarekin erabat aldatuko da, jarrera aktiboa izango du, eta defentsak ere areagotuko zaizkio. Emaitzak ikusgarriak dira.
Musika terapian prozesu aktiboa eta pasiboa lantzen direla esan daiteke?

Aktiboa eta hartzailea dela esango genuke. Instrumentuak jo ahal izatea edota musika sortzea batetik oso motibatzailea da, haurren tratamenduetan batik bat. Metodo pertzeptiboen bitartez, bestalde, entzun eta erlaxatzea izaten da helburua. Bereziki estresa eta antsietatea dituztenentzat izaten dira halako ariketak.
Osasuntsu direnekin ere funtzionatzen du musika terapiak?

Noski. Beharbada ez gaude gaizki, baina badira une baxuagoak. Musika terapiak autoestimua handitzen lagun dezake, adibidez. Aldartean gehien eragiten duen artea da musika.

Musika klasikoa litzateke egokiena?

Ez, musika guztiak dira egokiak, egiten dugun lanaren arabera. Guztiok dugu soinu historia bat, eta hori dagokigu. Nire soinu historiak ez badu musika mota hori, ni ez naiz harekin identifikatuko. Musika moderno bat jartzen dugunean eta amonak «zarata» hori kentzeko esaten duenean, harentzat esanahirik ez duelako esaten du hori; beste batentzat azkena eta dibertigarriena izan daiteke, ordea. Gure emozio eta sentimendu guztiak osatzen joango den soinu historia bat dugu. Horregatik ez da musika klasikoa bakarrik egokia. Besteak baino osoagoa da beharbada, baina pertsonaren araberakoa da. Albiste txar batekin entzuten dugun musikak ez du funtzionatuko, ziurrena.
Erlaxatzeko bat eskatuko banizu?

Bakoitzak berea dauka. Gogoratzen dut Vangelisen kanta bat, ederra zen niretzat, erlaxatzeko bikaina, telebistako albistegietan erabiltzen hasi ziren arte. Ona da, baina dagoeneko ez dit balio. Horregatik da ona nork bere musika izatea. Ikerketa batek esaten zuen Mozarten musika oso ona ei zela kontzentraziorako, baina ni adibidez oso ongi kontzentratzen naiz Keith Jarrettekin. Bere egituran Mozart samurragoa da beharbada, baina horregatik ez du guztiongan eragin bera izango.
Zaintzen dugu musika behar bezala?

Musikaren kontzientzia handiagoa izatea eskatuko nuke. Horretarako denbora eskaini behar zaio, eta gure musika propioa bilatu. Garrantzitsua da nork bere soinu historian arakatzea, eta momentu jakin bakoitzerako beharrezko musika aukeratzea. Emozionalki aldakorrak gara, eta musika ere aldatu egiten da unearen arabera. Noski, heltzen zaigun musika guztia irensten badugu, lagungarria baino gehiago, oztopoa izango da. Musika entzutea ona baldin bada, behar zaion denbora eskaini behar zaio. Azken batean bilaketa pertsonala egitea da. Nahi gabe ere egiten dugu, bat gustatzen zaigu edo ez. Oharkabean galdera guztiak egiten ditugu, eta jakinaren gainean egiten baditugu, lan aberasgarria egiten ari gara.
Beharrezko garrantzia ematen diote eskolek musikari?

Ari gara pausoak ematen. Eta hainbat eskola konturatu dira musikak duen garrantziaz eta zerbait egin beharra dagoela. Mintzaira musikala irakastearekin batera, musikarekin gozatzen ere irakatsi behar da. Uste dut gizarteak duen erronka nagusi bat dela.



http://paperekoa.berria.info/plaza/2008-04-18/050/007/%C2%ABZerbait_esateko_beharra_izan_eta_hitzik_ez_denean_sortzen_da_musika_terapia%C2%BB.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.